6 – Landaredia

Larrungo mendigunean ondoko landareez osatu larre paisaia bat ikus dezakegu: belarra, likena, goroldioa, oteak bezalako zuhaixkak (hemen tuia deituak, besteak beste gisuzko labeen pizteko erabiltzen zirenak), hauts koloreko elarra, iletsua dena, erratz-elarra edo elar zuhaizkara.

Soinu-banda entzun :

 

Arrano iratzeak ere mendiko maldak estaltzen ditu eta, larrazkenean, paregabeko koloreak ematen dizkio.

Zuhaitz batzu larrearen bihotzean lehiatzen dira. Horrela, han eta hemen, ametza (lur azidoak maite dituena), gaztainondoa, abaritza, zumarra…

Gailurra baino metro batzu beherago, gresezko eta pudingazko gune zut-zuten ondotik, lizarrez bete arraildura bat bada, Larrungo errekaraino doan pagadi batez segitua. Hemen, pagoak txaratan pusatu dira eta manexen geriza leku dira. Larrazkenean, jaten ahal diren pago-ezkurrak egiten dituzte, olio anitz dutenak, basurdeak erakarriz.

Landare mota arrotzak ere sartuak izan dira Larrungo gunearen oihana berritzeko: Ameriketako haritz gorria, Japoniako gaztainondoa (tinta eritasunari ongi ihardukitzen duena), Douglas pinua, Weimoutheko pinua, akazia… Lawson altzifrea hesi artifizialen osatzeko erabiltzen da.

Hiru iturrien ordokia zohikaztegi handia da. Esfagnoentzat biotopo ideala da, botere xurgatzaile ezin hobeko goroldio arkaikoak dira, eta bere zati apalak, hilak, ez dira usteltzen, estaldura arol lodi bat osatuz.

Drosera ere aurki daiteke (Rossilis – eguzki printza erran nahi duena), handitzeko zohikaztegiko biziki lur azidoez baliatzen den landare haragijalea.

Kuku-praka anitz badira maiatz aldean, landare toxikoa da, medikuntzan bihotzeko eritasunen artatzeko erabiltzen den digitalina badu.

Eta bukatzeko, larrazkeneko lehen egunean pusatzen diren lore ubeldun azafraia eta 3 lorezila aipa ditzagun.